Kontzeptu-mapak, eskemak eta infografiak

Informazioa ulertzeko eta adierazteko prozedurak eta teknikak

Atal honetan, ulermena lortzeko eta lortu den jakiteko prozedurak definitzen dira. Prozedura hauen bidez oinarrizko operazio mentalak bideratzen dira; esaterako, informazio baten elementuak identifikatu, antzekotasunak eta desberdintasunak alderatu (konparazioa), ezaugarri komunen arabera sailkatu (sailkapena), irizpide jakin baten arabera sekuentziatu (sekuentziazioa), zatiak osotasunarekin lotu (analisia),  zatiak berrantolatu eta ikuspegi berri bat aurkeztu (sintesia).

Oinarrizko operazio mental horiek egiteko ikasteko teknikak lagungarriak dira: idatziz datorren informazioaren ideia nagusiak identifikatzeko azpimarratzea edo ahoz jasotzen dena laburtuz idaztea (apunteak hartzea); eskemakkontzeptu mapak eta Infografiak egitea informazioaren analisia eta sintesia egiten laguntzeko; denbora lerroak egitea irizpide baten arabera gertaerak sekuentziatzeko; mnemoteknia erabiltzea ezagutu eta ulertu den informazioa epe luzeko oroimenean gordetzeko.

Ikasteko tekniken laguntzaz eragiten diren operazioen bidez, informazioa interpretatuz, ulertutakoaren irudi mentalak sortzen dira. Irudi mental horiek ikusezinak dira eta ikusgarriak eta ebaluagarriak bihurtzen dira adierazten diren neurrian. Jasotako informazioa, ez bere horretan errepikatuz, norberaren hitzez adierazteko, hau da, informazio hori azaltzeko, deskribatzeko, laburtzeko eta definitzeko gai den neurrian, ikasleak informazioa ulertu duen ala ez jakin daiteke.