Creative Commons

Creative Commons

 

Egia esan, Creative Commons ez da lizentzia "bat". Atributu edo ezaugarri desberdinak konbinatuz, lor daitezkeen lizentzia "multzo bat" da modu egokiago batean esanda. Aintzat hartzen diren lau atributuak hauexek dira (Iturria: Euskal Wikipedia)

 

  • Aitortu: edukien iturriak aipatzera derrigortzen du. (Laburdura: by)

  • EzKomertziala: edukiekin irabazi ekonomikorik ez lortzea derrigortzen du. (Laburdura: nc)

  • LanEratorririkGabe: edukiak elkarbanatzen uzten du baina inongo aldaketarik egin gabe. (Laburdura: nd)

  • PartekatuBerdin: lan eratorrien lizentzia jatorrizkoarenaren berdina izatea derrigortzen du. (Laburdura: sa)

 

Horrela, lau atributu hauek modu desberdinean konbinatuz sei Creative Commons lizentzia desberdin defini daitezke.

 

cc-buttons.jpg

 

Aitortu

cc by

Lizentzia honek baimena ematen du lan bat kopiatu, banatu eta jendaurrean hedatzeko baita honen lan eratorriak (helburu komertzialekin edo gabe) egiteko ere. Eskubide hauek eskuratzeko derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea, egileak edo baimendunak zehaztutako eran. Hauxe da murrizketa gutxien zehazten dituen CC lizentzia.

 

Aitortu - Partekatu berdin

cc by-sa

Beste honi esker aurrekoaren eskubide berdinak eskuratzen dira baina baldintza estuagoak zehazten ditu: lanaren kredituak aitortzeaz gain, obra hau itxuraldatu edo bestelakotzen bada lan eratorri bat sortzeko, emaitza hori banatzerik izango da soilik baimen berberaz, antzeko baimen batez, edo harekin bateragarria den baimen batez. Lizentzia hau askotan kode irekiko softwarearen lizentziekin parekatzen da. Lan baten eratorritako guztiek jatorrizkoaren lizentziaren berbera izango dute, beraz, erabilera komertziala ere baimentzen da.

 

Aitortu - Lan Eratorririk Gabe

cc by-nd

Lizentzia honen bitartez distribuzioa edo banaketa baimentzen da (kopiatu, banatu eta jendaurrean aurkeztu, irabazi-asmorekin nahiz gabe) baina ez da onartzen jatorrizko lana eraldatzea ezta lan eratorririk sortzea ere. Gainera lanaren aitortza egitea derrigorrezkoa da. Dena den, eratorritako lanen lizentziak desberdinak izan daitezke, horietan onura ekonomikoa ez dagoen bitartean.

 

Aitortu - Ez Komertziala

cc by-nc

Kasu honetan lehenengoaren (cc by) eskubide eta betebehar berdinak zehazten dira baina murriztapen gehigarri bat eransten da: ezin da lan hau merkataritza xedetarako erabili.

 

Aitortu - Ez Komertziala - Partekatu Berdin

cc by-nc-sa

Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du baita lan eratorriak sortzeko ere. Horretarako derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea. Gainera ezin da lan hau (ezta bere eratorriak ere) merkataritza xedeetarako erabili. Azkenik, lan hau aldatzen bada, edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako lana  baimen honen berdin-berdina den beste batekin soilik banatu ahal izango da.

 

Aitortu - Ez Komertziala - Lan Eratorririk Gabe

cc by-nc-nd

Hauxe da murrizketa gehien zehazten dituen lizentzia mota. Lanaren distribuzioa onartzen da baina kredituak aitortzeaz gain ez da onartzen aldaketarik edo lan eratorririk jatorrizko lanaren gainean eta gainera, ezin da lan hau merkataritza xedeetarako erabili. Lizentzia hau Copyrightetik gertuen dagoena da eta askotan "dohaineko publizitatea" egiteko zehazten dela kontsideratzen da, izan ere, egileri aitortza eginez soilik bana daiteke lan hori.

 

 

Era berean, guk edo gure ikasleek sortzen dituzten lanekin ere erabaki hori hartu behar dugu: Zer lizentzia mota jarri nahi diogu guk egiten diogunari?

 

Creative_Commons_Semaforoa.svg.png